Sanestebanak 2022

Alberto Agirre Abesbatza, herriko jai guztietan presente

Aiurri 2022ko abu. 4a, 15:00

Alberto Agirre abesbatzak hamarkadak darama han eta hemen musika korala zabaltzen. Gonbidatzen duten herri eta auzo festa guztietan hartzen du parte, kantuz edertuz jaiak. Goiburu auzoko San Esteban jaietan ere beti egon da presente, eta atzo emanaldi berezia eskaini zuen, mezan barrena eliztarrei hainbat abesti sakro eskainiz. Ikusgai, bi bideo (Andoaingo Esteban Deunari Ereserkia” eta “O Salutaris Hostis”):

Juan Bautista Barandiaran da “Andoaingo Esteban Deunari Ereserkia” doinuaren egilea, eta Jose Mari Iriarte hitzen egilea. Hona abestiak zer dioen:

Agur Goiburu gaineko

kabi goxo laztana.

Agur San Esteban

gure zaindari

on zerana.

 

Bide latza izan arren

alai gatoz zugana

gogo onez azaltzera zuri

gure esker ona.

Entzun, bada, San Esteban,

eskatzen dizuguna,

gure herriak behar dun

bake ta zoriona.

 

Abesbatzako kideak, San Esteban elizan, abuztuaren 3an.

 

40 urtetik gora jendaurrean abesten

70eko hamarkadaren bukaeran jaio zen abesbatza, eta hasiera-hasieratik euskal kantutegiaren eta musika sakro edo liturgikoa bidetik jo du batik bat.

Abesbatzako kideek sekula ez die muzin egin etorri zaizkien abesteko eskakizunei, abestea maite dutelako, eta aldi berean, ohartzen direlako herri baten kulturari ekarpen aberasgarria egiten diola abesbatza batek. Sorabilla auzoan, irailaren 8an, Koruko Ama Birjinaren egunearekin batera, daukate jarrita hurrengo hitzordua. 

Honela mintzatu ziren bere zenbait kide, Aiurriri 2017ko ekainean eskaini zioten elkarrizketan:

“Gu beti-beti azaldu gara prest Andoaingo kultur giroa aberasteko, nola edo hala dakiguna eginez, kantatuz alegia. Inoiz ez diegu ezetzik esan herritik heldu zaizkigun parte hartzeko proposamenei: Sanjuan zein auzoetako jaietan, folklore jaialdietan, euskara eta euskal kulturaren aldeko ekitaldietan, kale ikuskizunetan, edonori eskerrak emateko omenaldietan… Jendea akaso ez da konturatuko, baina herri batentzat oso garrantzitsua da abesbatza edukitzea”.

Filosofia horri abesbatzak urtetan eta urtetan tinko eutsi izana eskertzeko asmoz, hain zuzen, 2017ko San Juan jaietan pregoia egiteko hautatu zuten Jai Batzordeko kideek. Pregoiaren kronika eta bideoa ikusgai dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!