Bere gorpua bihar eguardiko 12:30ak arte Errekaldeko beilatokian egongo da, eta arratsaldean, 19:30etik aurrera Santa Krutz elizan bere aldeko hileta ospatuko dute.
Mila Garralda Betelun (Nafarroa) 1942an jaioa zen. Umetan gurasoekin Andoainera etorri zen bizitzera; nolanahi ere, Betelu eta Aralareko Malloak bihotzean eduki zituen beti.
Amaia bere alabak eta bien artean Kuttun arropa eta bitxi denda eraman zuten urte mordoan Kale Nagusian, eta herriko merkatariek elkarren arteko harremanak estutzearen eta bertako merkataritza sustatzearen aldeko ekintzailea izan zen.
2015eko Santa Krutz jaietan, Andoaingo behekaldeko kale bizitzaren eta bizikidetzaren alde hainbeste egin zuten beti-betiko merkatariek egin zuten pregoia, eta txanda hartan, Mila Garraldak eta Pedro Mari Sarasolak elkarrizketa eskaini zioten Aiurri-ri; komertzio txikiek herri batentzat daukaten garrantziaz mintzatu ziren orduan. Zubiondo etxeko balkoitik merkatari beteranoek egin zuten pregoiaren unea, ikusgai dago.
Herritarren aldeko beste zenbait ekimenetan parte-hartzaile aktiboa izan zen; eta horien artean, nabarmentzekoa da 70ko hamarkadan -Franco hil oste-ostean- hainbat herritarrek sortu zuten Auzolan elkartea. Azken urteetan, Andoaingo Caritas elkartearekin kolaboratzaile gisa jardun zuen.
2020ko "Pausoz pauso" ekitaldian
Euren bizitzan egin izan duten lan edo ahaleginagatik zortzi emakume edo emakume talde aitortzen dituen “Pausoz pauso” ekimenak, besteak beste, Mila Garralda hartu zuen gogoan 2020ko edizioan. Horrela, Laura Martinez eta biak, Andoaingo kaleetan lekukoa eskuetan eman zuten emakumeetako bi izan ziren (bideoa eta argazki bilduma ikusgai daude).
Zergatik heldu ote zitzaien aitormen hori? Bada, Basteron egin zen aurkezpen ekitaldian azaldu zuten biek: "XX. mendeko 60ko hamarkadaren hasieran, herriko zenbait emakumeek (tartean ziren Garralda eta Martinez) emakumeen opor taldea antolatzea lortu zuten, herrian lehenengo aldiz. Hara zer adierazi zuten biek, ekimen hura gogoan hartuta: “orduan langile munduko ia inor ez zen oporretara joaten, eta gutxiago emakumeak; lana besterik ez zen egiten garai hartan. Lantegietako ordezkariek eta baita geure gurasoek harrituta hartu zuten gure ekimena, grazia egin zien. Baina guk aurrera egin genuen. Gogoratzen naiz zein gustura ibili ginen irteera hartan. Testuinguru historikoari erreparatuz gero ezohiko zeozer egin genuela irudituko zaigu gaur egun, bidea urratzen ibili ginela-edo; baina garai hartan naturaltasunez ibili ginen emakumeok elkarrekin”.
Garralda, azken urteetan, besteak beste, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ikasten ari direnekin elkartzen dituen Mintzalaguna ekimeneko parte-hartzailea izan zen.
Bestalde, Andoaingo Udalak eta Oroituz elkarteak elkarlanean frankismoaren krimenen aurka Tolosako zein Buenos Aireseko (Argentina) epaitegietan jarritako kereilan pertsonatu zen, beste 19 herrikideekin batera. Gogoan hartu behar da Karmelo Arin, Beteluko bere osaba, faxistek desagerrarazi egin zutela 1936ko kolpe militarren ostean, eta alde horretatik, bere bizitzako motibazio handienetakoa izan zen osabaren arrastoak topatu nahi izatea eta frankismoak eragindako biktima guztien memoria historikoa berreskuratzea.
Andoaindarren ongizatea ez ezik, Andoaingo hirigintza eta ingurunea kezka iturri izaten ziren berarentzat, eta horren adierazgarri izan liteke 2002ko martxoan Aiurrin argitaratu zuen gutun kritikoa, Bekoplazako pasabide berria zela-eta.