Ixiar Arin Arrieta euskaltzalea zendu da

Xabier Lasa & Jon Ander Ubeda 2023ko ots. 14a, 19:44

Euskara ardatz zuen andoaindarra zendu zen, atzokoan. Garai bateko gau eskolan irakasle, Aita Larramendi ikastolaren sortzaileetakoa eta Franco garaian Larramendi antzerki taldeko partaideetakoa izan zen.

Euskara gizartearen esparru guztietara iritsi bada, iraganean eta garai zailetan bidegile lanetan aritu zirenei esker izan da. Horietakoa zen Ixiar Arin Arrieta. Diktadurapean eta euskara galerazita zegoen garaian, euskararen eta euskal kulturaren alde ezinbesteko lana egin zuen. Euskara eskolak ematen lehenetakoa izan zen, eta bera izan zen gerora Aita Larramendi ikastolako sortzaileetakoa. Francoren diktadurapean euskal antzerkigintzan aritu zen ere, hainbat lagunekin batera, Sekundino Etxeberriaren esanetara. 

Martxoak 8 emakume, 2016

Urte hartako omenduetakoa izan zen Ixiar, honako hauekin batera: Milagros Sorrarain, Tere Otamendi, Itziar Gorostegi, Juanita Ikutza, Beatriz Garcia, Karmina Dominguez, Marga Oyarzun eta Gaztelekuko pala taldeko emakumeak.

Argentinako Kereila, 2017

Oroituz elkarteak eta Andoaingo Udalak lankidetzan frankismoaren krimenen aurka Tolosako eta Buenos Aireseko epaitegietan aurkeztu zuten kereilan pertsonatu zen, herriko beste hainbat biktimekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!