Bigarren urtez jarraian, Gau Beltzan murgilduko da Andoain

Aiurri 2023ko urr. 31a, 07:17

Udazken kutsuko eguraldia iritsi da gugana. Eta, giroan, Arimen Gaua bertan dela nabaritzen hasiak gara. Kalez kale aurki daitezkeen afitxak, merkatalgune batzutan ikus daitezkeen kalabazak, Aiurri.eus bidez zabaldutako bideoak...

Asteburu honetan, gainera, ordua aldatuko da eta egunari tartea kenduko dio gauak. Iluna eta gaua misterioari eta beldurrari lotutako elementuak dira, gure iruditerian. Osagai horiek hor izanik, iazko ospakizunari jarraipena eman nahi dio Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Bai ala bai, Arimen Gaua euskal kutsukoa izan zedin, Andoaingo Gau Beltza abiatu zen 2023an. Arrakasta handikoa izan zen, mugarria kultur bizitzan. Ezusteko atsegina izan baitzen hainbeste jende Gau Beltzaren inguruan gozatzen ikustea. Osagaiak erakargarriak ziren arren, eguna iritsi arte zaila zen gertatu zena aurrikustea: Goikoplaza jendez beteta, txokolatea agortzea, Kale Nagusian beldurraren etxera sartzeko pilaketak, kalejiran jende andana artisten alde banatan... Gau Beltza Andoainen txertatzeko emandako lehen urratsa sendoa izan zen. Bigarren edizioa bide beretik joan daitekeenez, erantzun egokia emateko lanean ari da Bazkuna.

Bakarrik ez, lagunekin bai

Larramendi Bazkunak eta Aiurrik hartu dute ekimena, Gau Beltzaren antolaketan. Hori esatearekin batera, ezinbestekoak izan dira lankidetzak. Eta, iaz bezala, bigarren edizio honetan herriko gizarte eta kultur eragileen lankidetza ezinbestekoa izango da. Jaia gauzatzeko lanean jarriko diren eragileak hauexek dira: Batzokia elkarteak txokolate beroa prestatuko du. Maizorri txalaparta taldea, Oihana Sanchez aktorea eta Urki dantza taldea izango dira Goikoplazako ikuskizuneko protagonistak. Herrian barrena kalejiran ariko da konpainia profesionala, Udaleko Kultura Lansailari esker. Irunberri elkarteko kideek beldurraren pasabidea antolatuko dute. Kotoi elkarteko kideen laguntzarekin, dozenaka talo eskainiko dira Etxeberrieta plazan. Eta, azkenik, Lebiton konpartsak Lebi zezen-suzkoarekin emango dio amaiera jaiari. Ezin aipatu gabe utzi Salkin eta Andoaingo Udala, jaiaren laguntzaile baitira.

Euskal kultur adierazpideak Andoaingo gizarte bizitzan

Eragile horiekin guztiekin, gizarte bizitzan markatxoa utzi nahi den ekitaldia izango da, urriaren 31koa. Hilaren hasieran egin zen aurtengo edizioaren aurkezpen-ekitaldia, Plaza Morean. Ane Jalon Larramendi Bazkuneko lehendakariaren adierazpenenetik honako hau gogoratzea aproposa da: "Gau Beltza apartekoa izango da. Markatxoa jarri genuen iaz, eta aurten bide beretik jarraituko genuke. Euskal Kultur adierazpideek garrantzia hartu behar dute gizarte bizitzan, eta norabide horretan urrats berria eman nahi dugu". Euririk ez egitea, horixe da egunari eska dakiokeen  gauza bakarra. Hori lortuz gero, iluntze-gau majikoa biziko dugu datorren asteartean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!