Bideak eta Lore Hostoak podcastek irabazi dituzte Rikardo Arregi sariak

Aiurri 2023ko aza. 29a, 23:50

Bideak podcastak (NAIZ irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutakoa) Kazetaritza saria irabazi du, eta Jon Telleriak eta Goizeder Tabernak jaso dute saria. Komunikazio saria, berriz, Lore Hostoak podcastari (Musika eta kalaka uztartzen ditu Lore Hostoak podcast-ak, EiTB-ren eskutik) eman diote, eta Ekain Perezek jaso du saria. Bestalde, Basteron ospatu den ekitaldian, Menane Oxandabaratz Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoak jaso du ohorezko mugarria. Kronika, argazki-sorta eta bideoak, segidan:

Bi podcast, sarituak

Migrazioaren eta errefuxiatuen gaiari heltzen dio Bideak podcastak.

Bidasoako pasabideari helduta, askotariko ahotsak bildu dituzte: ordezkari instituzionalak, gaian aritu eta aditu direnen testigantzak (Mikel Mazkiaran edo Iker Barbero zuzenbidean adituak), eragileak (Irungo Harrera sarea, Lapurdiko sostengu sarea...), eta, drama hau azalean bizi duten pertsonak, podcastaren benetako protagonista diren migratzaileak (Nadege, Amadou, Abdou, Adama...).

Lore Hostoak podcasta musika saioa da, patxadaz entzutekoa. Euskal musikari andana (Niko Etxart, Olaia Inziarte, Eneritz Furyak...) ezagutzeko eta zeintzuk diren horien inspirazio-iturriak, gustuko kantuak, gogoetak... jakiteko parada ematen du saioak.

 

Kazetaritza sariko lau finalistak

* BIDEAK podcasta. NAIZ irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutakoa.

* Zelan sentitzen zara? GEURIA komunikabidearen ale berezia. Bizkaiko Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkariak 2023ko ekainean argitaratutako ale monografikoa da,

* Kinka podcasta. BERRIA. Aldaketa klimatikoa aztergai.

* Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera. Dantzan.eus. Xabier Itzainaren kronika sorta.

 

Komunikazio sariako lau finalistak

* Lores Hostoak podcasta. EITB Podkast. Musika eta kalaka uztartzen ditu Lore Hostoak podcast-ak, EiTB-ren eskutik

* #10garrena podcasta. EITB Podkast. 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aitzakian EITBk ondutako podcasta

* MUAK ET. Webseriea. Tik-tok formatuko bideo laburrak.

* Harpa Jotzen. EITB Podkast. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren eskutik.

 

Epaimahaiaren aldarria, kazetaritzaren alde

Eneko Bidegainek, Itxaro Bordak, Aingeru Epaltzak, Miren Gabantxok, Pantxika Maitiak eta Ion Muñoak osatu dute epaiamahaia, idazkari Arantza Aguado Andoaingo Udaleko euskara teknikaria izanik, etamahai buru Marta Lasa zinegotzia.

Aingeru Epaltzak eta Itxaro Bordak, epaimahai kideen izenean, Palestinako kazetariak eta Pablo Gonzalez gogoan hartu dituzte. Bordak adierazi duenez, “2023an munduko 67 kazetari hil zituzten. Oraingoz, Gazan, 67 dira Israelgo armadaren su urrikalgarriaren ondorioz bizia galdu duten informazioaren profesional. Iazko ekitaldian salatu genuen, eta gauza berbera adierazi beharrean gaude aurten ere. Garesti dabil kazetaritza, merke berriz, desinformazioa, eta sasi kazetaritza”.

Pablo Gonzalezen egoera salatu du, segidan, Epaltzak: “Gerla urte, gezur urte. Horrek Palestinarako balio du, Ukrainarako eta munduko beste hamaika zokotarako. Boteretsuak, bere egia inposatzeko, baliabide guztiak erabiltzen ditu, eta aldeko ez duena, itzaltzen. Euskal Herrian ere badugu horren berri, urte bat eta zortzi hilabeteren ondotik, Pablo Gonzalez kazetariak preso segitzen du epaiketarik gabe Poloniako kartzela batean, gure agintariei, itxura batean, ardura handirik piztu gabe. Harentzako, eta ezetsiak diren kazetari guztientzako, askatasuna eta justizia eskatzeko balio dezala ekitaldi honek”.

 

Euskararen aldeko militantzia, lehenetsita

Ohorezko aipamena jaso du Menane Oxandabaratzek, bizitzan euskara beti izan duela ipar aitortu du: “Gazte gaztetik ene hatsa euskararen eta Euskal Herriarena alde engaiatu naiz. Gure lurraldea ezagutu izan dadin, borroka horretan, antzerkiaren bidez, irrati laguntzaile izanez, eta orain, kemen berriarekin, Herria astekarian lan eginez. Nire ahats honekin, euskararena lehentasuna izan dut. 80ko hamarkadan Ipar Euskal Herrian aldaketa ainitz iragan ziren: besteak beste, ehunka euskaldun, ikastolak, irratiak edo gau eskolak garatzen ibili ziren. Horietako bat baizik ez naiz. Bide horietan ibili diren eta gaur egun ibiltzen diren militante euskaldunekin partekatu nahi nuke saria”.

Azken inkesta soziolinguistikoak euskara egoera lazgarrien dela erakusten duela berriz ere, oroitu die entzuleei. “Euskara sustatzeko, euskal hedabideek egiten duten lana saihets ezina da; ardura handia du. Xede horrekin, Ipar Euskal Herrian diren idatzizko eta ikus-entzunezko hedabideak elkarrekin lanean ari dira”.

Azkenik, kazetaritzaren ogibidea hizpide hartuta, mezu baikorra zabaldu du Basteroko ekitaldian. “Niretzat kazetari izatea, aktualitatearen berri ematea da. Kontalari batek historiak kontatzen dituen bezala, guk ere, gisa berean, gertakariak aipatzen ditugu. Kuriosoa izan behar da, belarriak luzatu, begiak xorrotx. Inguruan gertatzen denari kasu egin. Lanbide honek ainitz indar eskatzen du, ez dira orduak onartu behar; buruhausteak badira, baina aitzina goaz”.

 

Euskal kazetaritza eta administrazioa, eskutik joateko premia

Andoni Alvarez alkateak ere “adierazpen askatasunaren aldeko alegatua” egin nahi izan du, hitza hartu eta lehenbizikoz: “Informazioa boterea dela esaten digute, eta hala izango da seguraski. Pandemia dela, gerrak direla... informazioa urrea bailitzan. Garesti kotizatzen duen lehengaia dugu azken boladan. Gerra aipatu dut, eta ez da nolanahikoa gerran dabiltzan kazetarien lana. Gatazkan lana egiteak dakartzan oztopoaz gain, ikusi dugu informazioaren ekintza hutsak kartzelara eraman zaitzakeela, eta kasurik bortitzenean baita heriotzaraino eraman ere”.

Alvarezek euskaraz jarduten duten kazetari eta hedabideei zuzenduriko mezua zabaldu du batik bat, eta eskerrak eman die “zuen ekinbiderik gabe euskarak ez bailuke etorkizun oparorik”. Eta honelaxe jarraitu zuen hitzartzean: “Ez da nolanahikoa euskal kazetariek egiten duzuen lana. Erpin desberdinetatik jazarria den hizkuntza batekin egiten duzuen lan, eta gaur hemen, ikusi dugun moduan, baita askotan bolondres gisa lan egin ere, hizkuntzari diozuen maitasunagatik. Informazioak ematen duen botere ahalmena hautatu eta baliatu duzue mundua guri euskaraz kontatzeko. Mundua den modukoa euskaraz azaltzen diguzue, etxekoak diren edo gure mugetatik kanpo gertatzen direnak euskaraz ekartzen diguzue eta ezin eskertuago gaude horregatik”.

Euskal kazetaritzak eta administrazioak eskutik joatearen premia aldarrikatu du segidan: “Komunikazioak euskara behar duen bezala, behar duelako euskarak komunikazioa. Indartsu ikusi nahi dugu euskara kazetaritzaren eta komunikazioaren alorrean eta horretarako, ezinbestekoa da egiten duzuen lana. Baina noski, bidea ezin duzue bakardadean egin. Zuen lanaren bestaldean, premiazkoa da hartzaileak edukitzea. Gu guztion lana da euskaraz garatzen diren eduki horiez bustitzea, mundua euskaraz ulertzeko mundua euskaratik ulertzeko, eta batez ere, euskarazko komunikazioak eta kazetaritzak behar ditu babes sozialak, politikoak eta ekonomikoak. Nekez egingo du aurrera sektoreak, sektore publikoa, administrazioa, alboan ez badu. Bidea ezinezkoa litzatekeela ere esango genuke. Ez dugu zalantza egiten hala izango dela. Etorkizunean ere komunikazioren sektorea eta administrazioa eskutik eskura jardungo direla ziur gaude. Gure aldetik behintzat, har itzazue hitz hauek gonbite gisa”.

 

Borondatea, atxikimendua eta militantzia

Bingen Zupiriak zorionak eman dizkie epaimahai kideei, Menane Oxandabaratzi aitortza egiteagatik. “Pozgarria da sari hauek begirada gure erkidegotik haratago zabaltzea eta euskara bizi den lurralde guztietara so egitea, eta bidezkoa”.

Segidan, euskararen normalizazioa sustatzeko ahaleginetan iraganean erakutsi zen borondatea, atxikimendua eta militantzia gogoratu du: “Rikardo Arregiren oroitzapenak joan den mendeko 60. hamarkadara garamatza, euskara kontuetan den-dena egiteko zegoenean. Urteak igaro dira, herri ekimenaren eta erakundeen eta gaur egoera bestelakoa. Horregatik, hizkuntza eta komunikazio kontuetan datozen urteetarako erabakiak hartu beharko ditugun garai honetan, hona da atzera begiratzea, nondik gatozen begiratzea, eta aurrera jarraitzeko indarra hartzea. Eta dudarik ez dago aurrerantzean ere behar-beharrezkoak izango ditugula borondatea, atxikimendua eta militantzia euskaran normalizazioa sustatzeko ahaleginetan. Uste dut atxikimendutik eta militantziatik asko dagoela Rikardo Arregi sariak dituzuen artean, baina baita ere erakusten duzuen etorkizunari begiratzeko jarreratik ere asko dago”.

Finalista zein saritu gehienak “eskola berrikoak” izatea aipagarria egin zaiola, aitortu du Zupiriak. “Aipagarria, eskola berrikoak izatea, eta haien lanak mundu digitalean sortuak eta barreiatuak izatea. Menane, adin bertsuak izanik, zu eta gu ere eskola berekoak gara, eskola zaharrekoak, eta oraindik paperean edo uhinetan bizi gara, eta horiek behar ditugu informazio jasotzeko eta sakontzeko. Zuk diozun bezala, papera, uhina eta denbora. 60Ko hamarkadako haiek ez zuten asmatuko zein bizimodu suertatuko zitzaigun 60 urte beranduago. Baina anbizioz eta intuizioz jokatu eta asmatu egin zuten. Nola asmatuko dugu guk etorkizuna? Gure abiapuntua beste bat da, askoz aurreratuagoa eta egokiagoa, baina geuri ere ikuspegi luzea eta anbizioz beteko bisioa edukitzea dagokigu”.

Zupiriak eskerrak eman dizkie epaimahaiko kideei, “paperari eta uhinari uko egin gabe, teknologia berrietan sortutako edukiak begiz jotzeagatik eta saritzeagatik”. Eta honela segi zuen: “Euskararen biziberritzeak eta erabilerak duten erronka handienetako bat digitalizazioaren gurdira igotzea da eta euskarri digital berrietan egotea eta adimen artifizialaren hodeira igotzea eta iristea han biziko garen edo biziko diren modu erosoan intereseko edukiak aurkitu ditzaten, ditzagun komunikaziorako eta informaziorako. Gaur finalistak izan zaretenek eta sariak jaso duzuenek ahalegin horretan zabiltzate eta gure esker ona daukazue”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!