Udalak eta Nikaraguako ‘Xochilt Acalt’ erakundeak hitzarmena berritu dute

Xabier Lasa 2023ko abe. 5a, 15:40

Nikaraguako emakumeak ahalduntzea du xede GKE horrek, eta Mertxe Brosa andoaindarra bere bultzatzaile nagusienetakoa izan da azken hiru hamarkadetan. 1997az geroztik, Andoaingo Udalak eta elkarteak lankidetza hitzartuta daukate.

Brosa, udaletxean atzo egin zioten harreran ageri da argazkian. Ezkerretik hasita: Pepe Iparragirre (Ahal dugu-Podemos), Aritz Alkain (PSE), Mertxe Brosa, Haizea Barandiaran (Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia), Arantxa Etxabe (Gizarte Zerbitzuetako teknikaria), Ana Sanz eta Peio Jauregi.

Xochilt Acalt erakundea Larreynaga-Malpaisilloko udalerrian, nekazalguneetan emakumeek jasaten duten bazterkeriari aurre egiteko sortu zuten. Emakumeen ahalduntzea erdigunean jarrita, emakumeei euren formakuntzan bultzatu eta menpeko egoeratik irteten laguntzen die, eta horretarako, lan merkatuan sartzeko lanabesak ematen dizkie.

Aldi berean, formakuntza jaso duten emakumeek gizarteari ekarpena egiteko bideratuta dago egitasmoa.

 

Brosa, estimatua den herrikidea

Brosa bere jaioterrian da egunotan, eta egun batzuk hartuko ditu Xochilt Acalt elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatuta daukaten Euskal Herriko beste erakundeekin ere biltzeko, eta hitzarmenak berritzeko; hain zuzen, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin (Jaurlaritza) eta Donostia, Gasteiz eta Burgeluko (Araba) udalekin.

Nolanahi ere, Euskal Herrira hurbiltzen den aldiro egin ohi duen bezala, oraingoan ere hartuko du beta herrikideei diosala egiteko, eta nahi duenari Xochilt Acalt elkarteak aspalditik eskuartean daukan egitasmoaren gaineko xehentasunak emateko.

Maiz eskaini izan dizkio elkarrizketak Aiurri aldizkariari; hala nola 2008ko maiatzean, edo-eta, 2012ko ekainean.

2012ko abenduan, Andoaingo Caritas elkarteak giza balioak nabarmentzeko urtetan antolatu izan zuen “Jose Mari Olazabalen bidea” ekitaldian sari nagusia jaso zuen Brosak. Hunkituta hartuta zuen herritarrek orduan egin zioten aitortza. Hemen, bere hitzartzea ikusgai.

Bestalde, merezi du ikustea Xochilt Acalt elkartea gaitzat hartuta 2003an plazaratu zuten dokumentala, ”Xochilt Acalt, un sueño hecho realidad” izenburua daramana. Pasa dira urte batzuk hartaz gero, baina aitortu beharra dago ez duela indarra galdu, bere horretan baitirau elkartearen filosofiak: emakume baztertuak ahalduntzea, alegia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!