Nahia Patino Arancon haurrak artrogriposis gaixotasun arraroa dauka, eta bere terapiak eskatzen duen dirutzari aurre egiteko lagungarri izango da Andoain Solidario herri-taldeak abian jarri duen ekimenak.
Gogoan izango denez, aurrez, 2024ko abenduan, bere familiaren lagunek beste ekimen solidarioa antolatu zuten.
Orduan, Naiara Delgadok egindako akuarelak Urkiola tabernan ikusgai eta salgai jarri zituzten. Eta artelan horiekin batera, giltzatakoak eta Keinu euskal jantzien dendak egindako poltsak jarri zituzten salgai. Laguntza-kutxa ere jarri zuten guzti horien ondoan, nahi zuenak nahi zuen ekarpena egiteko. Arrakastatsua gertatu zen ekimen solidario hura, eta 3.000 euro biltzea lortu zuten.
Bada, oraingoan, Andoain Solidario herri ekimenak hainbat ekintza burutuko ditu hurrengo hilabeteetan barrena, egitasmo berberak bultzatuta, esan bezala.
Besteak beste, hainbat oparitxo (giltzak, motxilak, mugikorretako zintak...) salgai jarriko dituzte hurrengo egun eta asteetan.
Ekainaren 22an, Goikoplazan (10:00-14:00) jarriko dute mahaia, lehenbiziko aldiz.
Hurrengo hilabeteetan ekintza errepikatzeko asmoa daukate, Eskola kalean (Kutxaren ondoan), 10:00etatik 13:30etara. Honako egunetan, zehazki: ekainean (28), irailean (6, 13, 20 eta 27an) eta urrian (4, 11 eta 18an).
Bestalde, itsulapikoak ere ipiniko dituzte herriko zenbait dendetan.
Jaialdi solidarioa
Aipatutako ekintzez gain, Basteron urriaren 19an elkartasun jaialdia antolatzeko asmoa du Andoain Solidario herritarren taldeak.
DANAK Valentzian kaltetu zituen herritarren alde 2024ko azaroan egin zuten jaialdiaren antzeko ikuskizuna izatea espero dute; musika eta dantza munduko herriko hainbat kulturgileen parte-hartzearekin izango da, hortaz (egun hartako argazki eta bideoak, ikusgai, hemen).