Andoaingo Udalak eta Salkinek laguntza ekonomikoa eta baliabideak jarri ditu antolakuntzaren esku.
Elkarte gastonomikoen ekarpena premiazkoa da. Batzokiko kideek, esaterako, 500 lagunentzat txokolate-beroa prestatu eta zerbitzatzen dute. Irunberrikoek, aldiz, elkartea Beldurraren Pasabide bilakatu ohi dute eta bertatik igarotzen direnei gaztain-erreak banatzen dizkiete. Kotoi elkartean taloak egin eta banatzen dira eta Peña Santa Krutz elkartea kalejirakoen atsedenleku bilakatu da eta bertako sukaldea ere iluntzeko afaria prestatzeko erabiltzen da.
Kultur elkarteek ere ekarpen polita egiten diote ospakizunari. Maizorri txalaparta taldeko kideekin abiatzen da ospakizuna eta Urki dantza taldeko gaztetxoek emanaldia egin ohi dute Goikoplazan. Antzezpenak bere tokia du Gau Beltzan, ospakizunaren jatorria zein den ulertzeko baliagarria baita. Aurten, Katramila antzerki taldeko gazte taldeak parte hartuko du antzezpenean. Lebiton konpartsarekin amaituko da jaia, Lebi zezen-suzkoa aterako baitute Etxeberrieta plazan.
Ezin aipatu gabe utzi “Akerrak Okerrak” kalejira. Aurten ere hurbilduko dira Andoainera Gau Beltza girotzera. Kultura Sailetik kontratatutako saioa da.
Aurtengo berrikuntza nagusia: Sorgina eta Basajaun
Andoaingo Udaleko Kultura zinegotzi Marta Lasak egin du iragarpena: “Iragarpena egin nahi dugu aurtengo edizioari begira. Parte-hartzaileen zerrendari gehitu behar dira bi erraldoi berri: Sorgina eta Basajaun. Aurten, Goikoplazatik Juanita Alkain plazatxorainoko ibilbidea egingo dute. Oso pozik gaude Aiurrik eta Larramendi Bazkunak bideratzen duten ospakizunarekin, gizarte eragile askoren inplikazioarekin batera euskal kulturan sakontzeko festa antolatzen dutelako. Udalak, Kultura eta Euskara sailetatik bereziki, ekarpena egiten dio Andoaingo Gau Beltzari.
Eskertza adierazi nahi diegu jaiaren antolaketan murgildu diren elkarte eta boluntario guztiei, eta andoaindarrei Gau Beltzan murgiltzeko gonbita luzatu nahi diegu”.
"Parte-hartzaileen zerrendari gehitu behar dira bi erraldoi berri, Goikoplazatik Juanita Alkain plazatxorainoko ibilbidea egingo dutenak"
Marta Lasa, Kultura zinegotzia
Kalejira, beldurraren pasabidea, zezen-suzkoa… Gau Beltzak interesgune ugari ditu eta, aurtengoan, horiei guztiei erraldoi berrien agerpena gehitu behar zaio. Urtez urte, beraz, elementu berriekin aberasten ari da Andoaingo ospakizuna.
