Polemika bizia eragin du eskulturaren desagertzeak Zumaian, egunotan.
Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteko kideek abenduaren 26an egin zuten agerraldian adierazi zutenez, obra azaroaren 22an “desagertu” egin zen, inolako arrastorik utzi gabe, “diruenez, herritar batzuek uretara bota zuten”. Gehitu zutenez, salaketa ertzaintzan jarri ostean, Zumaiako udalarekin harremanetan jarri ziren, baina erantzun eskasa jaso zuten, "Udalaren jarrera gertakari hau ezkutatzea izan da, besterik gabe, eta babesgabetasun sentsazioa dugu beraien aldetik", salatu zuten.
Agerraldi berean, gogorazi zuten Euskal Herrian, aurten, laugarren kasua dela Zumaiakoa. Lehendik, Leitzan eta Otsagabian (Nafarroa) eta Trapagaranen (Bizkaia) ere gertatu dira artelanen aurkako antzeko erasoak.
Bestalde, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, gezurtatu egin zituen Eskuahaldunak elkarteak egindako adierazpenak. "Guk gure lana egin dugu, eta gauzak bere osotasunean kontatu behar dira" adierazi zuen, eta gehitu, udalak eskultura berreskuratzeko konpromisoa hartu duela desagertzea jakin zenetik.
Informazio gehiago jakite aldera, ikus Zumaiaguka aldizkaria.
Olazabalen aldeko erakusketarekin batera ipinitako eskultura
Joan den azaroaren 8an Iñaki Olazabal Ezeiza eskultore andoaindarraren omenez, Euskal Herriko makina bat artisten lanak biltzen dituen erakusketa zabaldu zuten Zumaian, Eskuahaldunak eskulturgileen elkarteak antolatuta.
Hainbat eskulturgileen obrekin osatu zuten erakusketa Oxford aretoan, eta aldi berean, aipatu elkarteko Jose Luis Gonzalez eta Ana Herranz artistek Olabazal gogoan hartuta egindako Zinka obra ere erakusketa gelaren parean, Saregile plazan ezarri zuten.
Ekitaldi hunkigarria izan zen, Olazabalen figura artistikoa goraipatzeko asmoz. Irekitze-ekitaldiaren gaineko informazioa (argazki-sorta eta bideoa), hemen.
Trapagaranen, Olazabalen obrari eraso
2025ko maiatzean, Olazabalek Trapagaranen (Bizkaia) jarrita zeuzkan bi eskultura putzura bota zituzten, Euskal Herriko Eskuahaldunak eskulturgileen elkarteak gogorarazi zuen bezala.
Hain zuzen, 2012an bost eskultura jarri zituen Zugaztieta auzoan (Trapagaran, Bizkaia) kokatzen den eskulturen parkean, eta horietako bi jaurti zituzten Ostion putzura. Haindik gutxira, bailarako zenbait eskulturek putzutik berreskuratu egin zituzten bi piezak.
Informazio gehiago, hemen.
Aurten hildako artista
Iñaki Olazabal Ezeiza maiatzean 4an zendu zen. Andoainen sortu eta Zumaian egin zituen azken urteak. Xabier Lakak zuzentzen zuen Sorabillako Lantegiko kolektiboko kide izan zen eta, nagusiki, zinka erabiliz egin zituen artelan ezagunenak. Askoren artean, Batzar Nagusien kanpoaldean dagoena edota Oria ibaian egindako pieza-sorta.
Bere ibilbideaz eta ondare artistikoaz gehiago jakiteko, hemen.
