Pello Errota bertso sariketa 2020

Pello Errota Bertso Sariketako finala, Asteasun

Xabier Lasa 2020ko abe. 28a, 19:49

Amaia Iturriotz urretxuarrak jantzi zuen txapela abenduaren 27an arratsaldez jokatu zen Pello Errota bertso sariketan. Finalean Erika Lagoma, Iñigo Izagirre, Izarne Zelaia, Jon Martin eta Unai Mendizabalekin batera aritu zen kantari, Maddi Labaka gai jartzaile izan zutelarik. Bertsozale franko gerturatu zen pilotalekura, eta saio polita entzuteko aukera eduki zuen. Atzo abestutako hainbat bertsoaldi, klik bakarrera:

Hiruna bertso zortziko handian:

  • Izarne Zelaia eta Erika Lagoma. Zuek nagusiki euskaraz bizi zarete. Erderaz badakizue, baina ez daukazue euskaraz daukazuen erraztasuna. Erderara jotzean, Izarnek gaizki pasatzen du, Erikak, ordea, ez.
  • Unai Mendizabal eta Jon Martin. “12 urteko gaztetxoen entrenatzaileak zarete. COVUD19 dela eta entrenamenduak bai, baina lehiaketarik ez dela izango esan dizue. Unaik, entrenamenduekin jarraitu nahi du; Jonek ez.”
  • Amaia Iturrioz eta Iñigo Izagirre. “Zuek, bost urteko alaba bat duzue. 2021eko herriko egutegian zuen alabaren argazki bat jarri dute, zuei baimenik eskatu gabe. Zu, Amaia pozik zaude; baina Iñigori, ez dio graziarik egin”.

Hiruna bertso zortziko txikian:

  • Erika Lagoma eta Unai Mendizabal. “Erika, lanetik etxepera helduta, ohartu zara giltzarik gabe irten zarela kalera. Unai sarrailagileari deitu diozu, baina hark esan dizu lau eta erdiko finala ikusten ari dela eta bi ordu baino lehen ez dela iritsiko”.
  • Izarne Zelaia eta Iñigo Izagirre: “Zu, Iñigo politikaria zara, eta Izarne zure aholkularia da. Zuri, Iñigo, Izarnek idazten dizkizu hitzaldi guztiak. Gizarte inkestek diote Iñigok duen onarpenak behera egin duela”.

Puntu erantzunak, hiru bertso:

Sei puntuko motzean hiruna bertso:

  • Izarne Zelaia eta Jon Martin. “Zu, Izarne, biloba zara, eta zu, Martin, aitona. Memoria historikoari buruzko erakusketa batera joan zarate. Aitonak bilobari esan dio barrenak nahastu zaizkiola-eta, kanpora doala”.
  • Erika Lagoma eta Amaia Iturriotz. “Ia urte bete pasa da zuen anaia Zaldibarko zabortegian desagertu zenetik. Amaiak Erikari esan dio bilaketa aktiboa amaitzeko garaia dela bere ustez”.
  • Unai Mendizabal eta Iñigo Izagirre: “Aita semeak zarete. Unai aita da, Iñigo semea da. Orain arte semeak pasilloko argia piztuta lo egin du. Gaur, Unai, semeak esan dizu ez duela behar argirik lotarako”.

Kartzelako gaia, bi bertso:

  • Jon Martin: “Irakaslea zara seigarren mailan. Jolas ordua iristen denean, zure ikasleetako bat gelan geratzen da bakar-bakarrik, kalera irten gabe”.
  • Amaia Iturriotz: “Ludopata zara. Apustuetara engantxatuta urte luzez egon ostean, errekuperatu zara. Langabezian zaudela, apustu etxe batean lan egiteko deia jaso duzu”.
  • Iñigo Izagirre: “Herriko supermerkatuan pertsona berberak kobratu izan dizu beti. Gaur makina automatiko bat topatu duzu haren ordez”.

 

Amaia Iturriotz puntutan nagusi

Amaia Iturriotzek eskuratu zuen txapela. Hona azken sailkapena eta puntuak: Amaia Iturriotz txapeldun. 1.- Iturriotz (269,5 puntu); 2.- Martin (258 puntu); 3.- Izagirre (252, 2 puntu); 4.- Mendizabal (248 puntu); 5.- Lagoma (236, 5 puntu); eta, 6.- Zelaia (224 puntu).

Bertso onenari Mikaela Elizegi saria Iñigo Izagirrek jaso zuen, puntu erantzunean emandako bertso batengatik:

Puntua:

Gaur egun abeltzaina

zer moduz bizi da?

Erantzuna:

egun guztiak beti

desberdinak dira.

Batzutan egin behar

karroari tira,

eta bestetan egon

zeruari begira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!