Tolosako Hiltegiaren zerbitzuaren bahiketa prozesua abiatzea erabaki du Mankomunitateak.
Otsailaren 25ean egin genuen ezohiko batzarrean, aho batez erabaki genuen enpresaren baliabide guztiak (baliabide materialak, ekonomikoak eta langileak) gure gain zuzenean hartzea, eta interbentore bat izendatzea. Izan ere, legeak eskaintzen duen erreminta juridikoa baita zerbitzua bahitzea. Interbentore horrek, hiru hilabeteko epealdian, hiltegiaren zerbitzua kudeatuko du hemendik aurrera zerbitzua eskaintzen segi ahal izateko, lehenbiziko eta behin.
Aurretik, urtarrilaren 31n egindako batzarrean, jada hartu genuen erabakia izan zen txosten juridikoa eta ekonomikoa eskatzea otsailaren 25eko erabakia hartzeko beharrezkoak zirelako. Aldi berean, Incarosari langileen soldatak eta eta zerbitzuari eragiten zioten bestelako ordainketak egin zitzan eskatzea erabaki zen, helburua izanik hiltegiaren zerbitzu publikoa bermatzen segitzea. Eskaera hori bete ez duela ikusirik, orain, hiru hilabeteko epealdian interbentorearen laguntzaz egin beharreko txostenek, mahai gainean jarriko dizkigute argazki ekonomikoa batetik, eta bestetik, zein forma juridikoa izan daitekeen egokiena gure kasuan: emakida prozesu berri bat jarri abian, Mankomunitateak berak sortu enpresa eta horren esku utzi zerbitzua, zuzenean egin zerbitzuaren kudeaketa….
Azpimarratzekoa da aho batez hartu direla erabaki horiek; Mankomunitatean Bildu, EAJ, PSE-EE eta independenteak ordezkatuta daude.
Langileek greba mugagabeari ekin zioten, bi hilabeteko soldatarik ez dutela jaso-eta. Mintzatu al zarete langileekin?
Oso larria da soldatak jaso ez izana azken hilabeteetan, eta jakinarazi zaie ahalik eta azkarren jasoko dutela zor zaiena. Baina ezin diegu data zehaztu; horretarako, ez dugu ahaztu behar langileak Incarosa enpresarenak izaten segitzen dutela nahiz interbenteroa egon. Prozesu legal batean sartu gara, eta arazo horri konponbidea topatzeko eta erabakiak hartzeko, txosten juridikoa beharko dugu eduki eskuetan lehenbizi. Bestalde, legitimoa da grebari eusteko jarrera, nork bere interesen defentsari begiratu behar baitio.
Langileak ordezkatzen dituen ELA sindikatuak eta ENBA baserritarren sindikatuak ere Mankomunitateri egin diote kritika, hiltegiaren kudeaketa aurretik kontrolatu ez izanagatik.
Tolosako hiltegiaren arazoa urtetan atzetik dator. 1995ean, Tolosako Hiltegia kudeatzeko 40 urtetarako emakida Incarosa enpresari eman zitzaion. Egia da hiltegiaren zerbitzuak kudeatzaile baten esku uzteak lasaitasuna eman ziola Mankomunitateari. Urtetan Mankomunitateak ez du dirurik jarri. Nolanahi ere, ikusita zorrak handitzen zihoazela, orain urte batzuk atzera hasita genuen enpresan kudeatzaile lanak egiten zituen Fernando Simonetekin hizketan, aurrera begirako plana egin nahian. Gauza da Simonet orain bi urte hil egin zela, eta eten egin zela lantzen ari ginen bide hori. Ondorengo denboraldian, kudeatzaile berriarekin hutsetik ekin behar izan diogu plangintza bideratzeko negoziaketari.
Ekonomikoki ez dela bideragarria onartzen du Mankomunitateak, eta dirua jarri beharko duela.
Bai, baina administrazioak zerbitzu publikoari begiratu behar dio, errentagarritasun sozialari. Ikusi besterik ez dago udaletatik hasita, zenbait zerbitzu eskaintzen zaizkien herritarrei eta horietan zenbat euro gastatzen dituen. Gizartearen ongizatean inbertsio gisa ikusi behar dira gastu horiek, justifikatuak daude erabat. Alde horretatik, garbi daukagu Mankomunitateak dirua jarri beharko duela, eta ekonomikoki ahalik eta errentagarriena izan dadin saiatuko garela; horretarako eskatu ditugu txostenak. Oñatiko hiltegiaren kasuan, adibidez, hango mankomunitatea osatzen duten udalen diruarekin eutsi zaio azken urtetan.
Mankomunitateak eskatuta, Siadeco ikerketa elkarteak lehen sektorearen eta hiltegiaren gaineko ikerketa txostena egin zuen 2022an, eta hor argi nabarmentzen zen Tolosakoa bezalako hiltegi batek daukan garrantzia, ez bakarrik baserritarrentzat edo harakinentzat, baita gizarte osoarentzat ere bere osasun publikoan, energia kontsumoan, elikagaien burujabetasunean...
Gipuzkoan nola dago hiltegien panorama?
Lau hiltegi daude, egun: Oñatin bat esan bezala, Zestoan Urkaiko baserritarren kooperatiba, pribatua den Mafrido enpresa pribatua Donostian, eta Tolosan.
Gizartean ez da oso ezaguna zu lehendakari zaituen Hiltegia Mankomunitatea, egia esan.
Halaxe da, ez dago zertan ukatzerik. N1 errepidearen inguruan dauden 46 udalek osatzen dugu Mankomunitatea, Andoaindik hasi eta Ormaiztegi bitartean daudenak, eta esan daiteke ehun mila biztanle gutxi gora behera ordezkatzen dituela. Dena dela, zerbitzu publikoa ez die soilik Tolosaldeko, Goierriko eta Beterriko udalerrietako biztanleei eskaintzen, zabalagoa da bere eragina, eta errealitatean, Araba eta Nafarroa herrialdeetako iparraldeetan kokatzen diren herritarri ere ematen die zerbitzua. Oso leku estrategikoan kokatzen da Tolosako Hiltegiaren zerbitzua, ehun urte betetzera doa, eta etorkizunari begira ere erabat beharrezkoa eta bideragarria dela iruditzen zaigu. Halaxe erabaki genuen aho batez, otsailaren 25eko ezohiko batzarrean parte hartu genuen udal ordezkari guztiek.
Durangon 2007-2012 epean Erralde hiltegiko kudeatzailea izan zen Eneko Egibarrek, egunotan Aiurrin artikulu batean idatzi du, besteak beste, lehen sektorean, zirkuitu motzean apenas dagoela bitartekaritzarik, baina “sistemari” eta politikagintzari ez zaiola hori interesatzen.
Bat nator iritzi horrekin. Europako Batasunetik azken urtetan aplikatzen ari diren diru laguntzen politika nekazari txiki asko itotzeko izan da, eta eraginez, itxi behar izan dute. Estrategia oso bat ikusten da, hemengo politikagintzaren babesarekin, lehen sektorea eta elikadura lau eskuren edo multinazionalen negozioa izan daitezen. Sistema oso bat dago interes jakin batekin, eta horrentzat soberan gaude nekazari txikiak eta elikagaien burujabetzaren alde egiten dugunok, eta soberan, noski, tokian tokiko hiltegiak, besteak beste. Kargu publiko eta abeltzain gisa nire iritzi pertsonala da horixe, eta iruditzen zait horrekin bat datozela Euskal Herrian lehen sektorearekin nola edo halako harremana duten eragile gehien-gehienek.