Axeriek Leizotz auzoko baserrietara eraman zuten usadioa lehenbiziko urtean, 2013an, eta Sorabilla, Buruntza eta Goiburu auzoen txanda heldu zen segidan. Hortaz, 2013tik 2020rako epean, Axerien Puska Biltzea bi txandatan egin da auzo bakoitzean. Auzotarrek harrera ezin hobeagoa eskaini izan diete beti. San Juan egunean, Andoaingo Goikoplazan, iraganeko erritu iniziatikotik asko duten jokoak (Paseoa, Aitarena, Zortzikoa, Orratzakoa, Korrika, Perratzea eta Dorrea) dantzatzen dituzte herriko neska-mutilek, eta dantza horiexek berak, gehi arin-arin eta fandagoa egin ohi dituzte, eta ondoren, hamaiketako eder batekin amaitu ohi dute baserrira egindako bixita, guztiek ere.
Auzo bakoitzeko argazki-sorta, ikusgai Leizotz, Sorabilla, Buruntza eta Goiburu.
Larramendik eta Iztuetak Axeri Dantza deskribatu zuten
Aspaldi-aspaldikoa da Axeri Dantzaren tradizioa, San Juan jaietan, urtean zeharko beste zenbait jaietan nahiz eta inauterietan dantzatzen zutelarik herriko gazteek. Mendeetan atzera joanda, gutxienik badira historiako liburuetan bi erreferentzia Axeri Dantza aipatzen dutenak. Aita Larramendi idazle eta pentsalariarena bata, 1754an idatzi zuen Corografía o descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa obran:
“(…) Axeri dantzak beti du aurretik galaien dantza era esku hutsik egiten da, makilak utzita. Gisa farregarri eta bitxian jazten dira eta soinuak bereak ditu. Dantza egiten dute, hala elkarri eskua emanda buruzagiari iladan jarraiki, nola bakarka bata bestearen atzetik, itzulika, jauzika, zaluka edo lasterka eta beste mugimendu batzuk eginez. Berriz ere elkarri eskua emango diote; hurrengo soinuak eskua aska araziko die, eta berriz ere batera era bestera itzulika hasiko dira, asko eta maiz baitira itzuliak, eta denak danbolinak agindutako neurrian, eta benetan barrea eta atsegina sortarazten dute begira diren herritarrengan. Bi dantza horiek Beterrin baino ez dira egiten; galaien dantza Tolosan, San Juan egunean, eta Hernanin, Andoainen, Errenterian, Urnietan, eta bai beste herriren batean ere, eta zezenen aurretik dantzatu ohi dira, goizean izaten baitira, eta urte osoan ez dira berriz dantzatuko”.
Juan Inazio Iztueta historialariak 1824an argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia liburuan, Axeri dantza inauterietan ere dantzatzen zela zehazten du:
“(…) Jaien eta ospakizunen amaierarako eta inauterietako ohitura da Axeri dantza. Dantza horren bidez gazteek baserri eta herrixketara jotzen dute oilasko, lukainka, solomo, arrautza eta urte sasoi bakoitzak ekartzen dituen beste janari batzuen bila. (…) Baserrietako atarietan egiten dute dantza, eta horrela oparitan hartutako janarietako batzuk irentsi ondoren, herriko plazara jaitsiko dira dantza bera eginez; oilasko sorta eder bat eta abar ekarriko dute makiletatik zintzilik, eta dantza bukatu bezain laster, hantxe bertan zabalduko dituzte diru-eskean ibilitako eltxetxoak. (…) Dantza oso da barregarri eta alaia, eta ikusleen gogoa eta poza erraz berotzen ditu…”.