Urtarrilaren 2an, ostiralarekin egingo diote azken agurra Lasarte-Oriako San Pedro elizan, 19:30etik aurrera. Bien bitartean, gorpua Rekalde Vascongada Memora beilatokian egongo da (astelehenean, 16:00-20:00; asteartean, 10:00-13:00 eta 16:00-20:00 eta asteazkenean, 09:00-11:00).
Orion jaio eta azken hamarkadetan Lasarte-Orian bizitu izan zen. Lanbidez arrain-saltzailea izan zen, Inaxi Etxeberria emazteak eta biek bizilekuan arrandegia irekiz geroztik.
Patxi Etxeberria hizketan bezala kantuan aritzen zen bertsolari belaunaldi bateko kidea izan zen; gure artean bizirik geratzen zen azkenekoa ziurrenik.
1959an, Aginagako bertsolari gazteen txapelketan lehen aldiz plazaratu zenetik, mende erdia baino gehiagoko ibilbidea egin zuen, harik eta 2017an, 86 urte zituela, jendaurreko bere azken plaza egin zuen arte, Lasarte-Oriako San Pedro jaietan hain zuzen. Orduan abestu zuen azken agurra, Txintxarri aldizkariak zabaldu du.
Bertsolari gisako 60 urtetik gorako ibilbide luzean, hainbat belaunaldi izan ditu bidaide kantuan: batzuk aipatzearren, Uztapide, Basarri, Lazkao Txiki, Garmendia, Lizaso (aita-semeak), Amuriza, Peñagarikano, Egaña, Lujanbio, Mendiluze, Unai Muñoa, Gaztelumendi, Labaka, Rekondo...
Txapelketa ofizialen atalean, 1980ko Euskal Herriko finalista izan zen, Amurizak irabazi zuen hartan; Gipuzkoakoan, berriz, hirutan aritu zen.
Esker oneko omenaldia 2009n
2009ko irailean, bere ibilbidea eta bertsoak biltzen zituen liburua argitaratu zuen Ttakun Kultur elkarteak (egilea, Xabier Lasa), eta era berean, bertsozaleek eta euskaltzaleek omenaldia eskaini zioten Lasarte-Orian. Bertsoak ahotan zituela, mende erdia bertso zaletasuna eta euskaltzaletasuna suspertzen aritu izana eskertu nahi izan zioten.
Omenaldiaren baitan, Manuel Lekuona antzokian 2029ko irailaren 27an egin zuten bertso-saioa (Unai Muñoa, Joxe Agirre, Jon Azpillaga, Imanol Lazkano, Jexux Mari Irazu, Txomin Garmendia, Andon Egaña eta Patxi Etxeberria bera), osorik, Tartalo kontuak zabaldu zuen youtuben.
Urnietan, maiz kantari
Urnietan estimatzen zuten Patxi Etxeberria, eta maiz gonbidatu izan zuten bertara, San Isidro nekazarien egunera eta Santa Krutz egunean Azkortera batik bat. Halaxe aitortu izan zuen Aiurriri 2009ko irailean eskaini zion elkarrizketan.
Hona Etxeberriak egindako bi saio:
* Imanol Lazkanorekin (Lekaio kultur-etxean, 2012ko maiatzaren 15ean:
* Anjel Larrañagarekin (Azkorten, 21014ko maiatzaren 3an):
2012an Lazkanok eta biek egin zuten bertso-saioaren bideoan, Iñaki Aranzadi Urnietako erretorea izan zena ageri da, entzule gisa. Bertsozale amorratua zen Aranzadi, eta behin idatzi zuen artikulu dotorea Aiurri aldizkarian, Etxeberriaren doainak goraipatuz.
Handik bi urtera, Andoaingo San Juan jaietako bertso saioaren atarian, bigarren elkarrizketa egin zion Aiurrik. Urnietako herriarekin eta bertako bertsozaleekin zenbat zegoen eskertuta aitortu zuen harako hartan, besteak beste.
Gazteekin, primeran
Bertsolari gazteekin ederki asko moldatu izan zen beti, eta horren erakusgarri da 1999an, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan Lasarte-Oriako bertsolari gazteekin aritu izana. Izan ere, Lasarte-Oriako bertso eskolan astero biltzen horietakoa izan zen, behin helduarora iritsita.
Urnietan, San Isidro egunean nahiz Santa Krutz egunean makina bat saio egin zituen Unai Gaztelumendi, Unai Agirre edo Agin Labururekin. Hona bideo grabazio batean Gaztelumendirekin, San Isidro egunean, Lekaio kultur-etxean, 2013ko maiatzaren 15ean:
