Oriamendik abuztuaren 13ko agerraldiko adierazpenei erantzun nahi izan die Imanol Ansak

Imanol Ansak zabaldu duen ohar baten bidez, abuztuaren 13an Oriamendi enpresak egindako adierazpenei erantzun nahi izan die. Bere iritziz, helburu bikoitza izan zuen Oriamendik agerraldi huta eginda: “ni buruz buruko Txapelketatik kanpo uzteko erabakia zuritzea eta nire irudiari egoismoaren estigma itsastea”.

Abuztuaren 7an, Oriamendik Banakako Erremonte Txapelketaren aurkezpen ofiziala egin aurretik, Imanol Ansak oharra zabaldu zuen, "Banakako Txapelketan jokatzeko nire eskubidea aldarrikatzen dut" esanez besteak beste. Aldi berean, pilota munduko pertsona ezagun askoren babesa jaso zuen Urnietako pilotalekuan egin zuen agerraldian.

Abuztuaren 13n, Oriamendiko ordezkariek Galarretan agerraldia egin zuten, eta bertan adierazi zuten enpresak behin betiko erabakia hartua zuela Imanol Ansa datozen txapelketetatik kanpo gera zedin. “Erremontistak publikoki egindako adierazpenen eta gaiak hartu duen oihartzunaren ondoren”, enpresak “beharrezkotzat" jo zuen bere bertsioa agertzea.

Gauzak horrela, Urnietako erremontistak, sei puntuz eta hausnarketa batez osatutako “Egoismoaren aurpegiak” izenburua daraman agiria zabaldu du egunitan, Oriamendik abuztuaren 13an egindako adierazpenei erantzuna eman asmoz.

 

Imanol Ansaren agiria

 

"Egoismoaren aurpegiak

Oriamendik abuztuaren 13an emandako prentsaurrekoak helburu bikoitza izan zuen: ni Buruz buruko Txapelketatik kanpo uzteko erabakia zuritzea eta nire irudiari egoismoaren estigma itsastea. Gehiago ez omen dute hitz egingo Ansa-Oriamendi auziari buruz. Ni ere nazkatuta nago kontu honekin, baina pilotazaleak ezin ditugu utzi gezurretan eta manipulazioetan oinarritutako bertsioarekin.

Hona hemen, puntuz puntu gezurtatuta, haien arrazoiketa:

 

1. Nire soldataren inguruan

Bost urtez 30 euro kobratu nituen partida bakoitzeko. Pilotariok onartu genuen gure soldataren zati bat Oriamendiren gastuetara bideratzea, modalitateari eusten eta enpresaren proiektuak aurrera eramaten laguntzeko. Besteak beste, Oriamendik Galarreta erostea. 2020an, frontoia erosi ondoren, soldata osorik kobratzen hasi ginen. Azala behar du bost urtez enpresari laguntzeagatik dirua galdu duen norbaiti egoismoa leporatzeko.

2026ra arte behin bakarrik eskatu nuen soldata-igoera. Nire asmoa beti izan da lehenik kantxan nire maila erakustea eta, ondoren, bidezkoa iruditzen zitzaidana eskatzea. Ni omen naiz soldata igoera eskatu duen pilotari bakarra. Gezurra, Aritz Juanenea eta biok joan ginen bulegora. Aritzi banakako txapeldun izateagatik eman zioten igoera, ondo merezia. Nire kasuan, igoeraren truke, gazte profesionalak eta afizionatuak astero entrenatzea proposatu nien, enpresak behar hori behar bezala estaltzen ez zuela ikusita.

Oriamendik entrenatzaile lana aparte egitea eskaini zidan, baina ez zitzaidan interesatu. Garai batean entrenatzaile izan nintzen, eta orduan ordainketetan atzerapenak izaten ziren; beste entrenatzaileak eta biok behin baino gehiagotan ibili behar izan genuen zor zitzaiguna eskatzen. Gainera, lehenengo bisita gidatuak, itzultzaile gisa, eta asteburuetan afizionatuentzat antolatzen genituen txapelketak, erabat altruistak izan ziren, eta ez nuen euro bakar bat ere kobratu. Oriamendik ez zuen nire 2026rako proposamena onartu. Hala ere, ahal izan dudan bakoitzean gazte remontistei laguntzen jarraitu dut. Azken egunotan jaso ditudan mezuek eta esker onek erakusten dute lan hori baliagarria izan dela.

Soldataren kontuarekin bukatzeko, txapelketak irabazteagatik hitzartuta dauzkagun plusak zor dizkit enpresak. Gehiago ez omen dut txapelketarik jokatuko haiekin, baina lehen irabazitakoen plusak ordaintzea zilegi dela ulertuko du irakurleak noski.

 

2. Botileroaren inguruan

Niretzat botileroa ez da bigarren mailako kontua. Erremontea seriotasun handiz bizi dut eta, batez ere, finalaurreko edo final batean, konfiantzazko pertsona bat behar dut alboan, nire jokatzeko modua ezagutzen duena eta nire onespena duena. Oriamendik hainbatetan erabaki du pilotarion botileroa, gure oniritzirik gabe. Erabakia ETBrekin batera hartzen zela argudiatu dute, baina nik berariaz galdetu dut eta ETBk ez du bikote bakoitzaren botileroa zehazten. ETBk Oriamendik proposatutako bikote eta parte-hartzaileak onartzen ditu. Gustuko botilero batek lagundu egin dezake, zurekin batere kimikarik ez duen batek kalte egin diezazuke. Horregatik, logikoa iruditzen zait pilotariak bere iritzia eman ahal izatea nor izan nahi duen alboan.

Gainera, nire elkarrizketa pribatu bat publikoki erabili da, testuingurutik aterata, nire jarrera zalantzan jartzeko. Elkarrizketa pribatu bat ez litzateke kirolari baten aurkako kontakizuna eraikitzeko erabili behar.

 

3. Errenteriako jaialdiaren inguruan

Errenterian jokatzeari ez nion kapritxoz uko egin. Bihurritu bat nuen orkatilan, ezin nuen hanka lurrean behar bezala jarri. Froga medikuak ditut. Fisioterapeutak ere ez jokatzea gomendatu zidan. Gainera, enpresari garaiz eman nion lesioaren berri eta finalera arte ezin izan nuen gehiago entrenatu lesioaren ondorioz.

Aste hartan bi mezu bidali nizkion gerenteari eta ez nuen erantzunik jaso. Elkarrizketak gordeta ditut nik ere, baina erakusteko beharrik ez.

Azkenean, Kike Elizalderengana jo nuen eta hark esan zidan ez zegoela arazorik. Guztiz bidegabea da Errenteriako partiduarena erabiltzea nire konpromiso profesionala zalantzan jartzeko.

Lesioak kirol profesionalaren parte dira, eta programazioak, espezialitate guztietan, etengabe aldatzen dira hainbat arrazoirengatik. Garrantzitsuena arduraz jokatzea eta egoeraren berri ematea da, eta hori da nik egin nuena. Baina hori ere egoismoa da.

 

4. Zestoaren inguruan

Beti jarri ditut pilotari guztien eskura zestogilearekin batera lortu ditugun hobekuntzak. Hala aitortu zuten nire taldekideek ere.

Besteak beste, saihetsak babesteko nylonezko babesa eta plastikozko takoa.

Plastikozko takoa ez zen izan nik neure aldetik asmatu eta neuk bakarrik erabilitako aldaketa. Julen Loitegik 2024an erabili zuen lehen aldiz, Erremontari txapelketan, Endika Barrenetxearekin bikotea osatuz, eta Endikak baimena eman zion homologatuta erabiltzeko.

Gainera, Oriamendiren betiko zestogilearekin harreman profesionala daukat, eta erremontearen aldeko etorkizuneko proiektu batean lanean ari gara. Garai batean harreman hori mugatzen saiatu ziren, baina nire ustez pilotari batek bere konfiantzazko zestogilearekin zuzenean hitz egiteko eskubidea izan behar du.

Gaur egun, enpresak hiru zesto aukeratzen ditu eta pilotariak horietako bat hautatu behar du. Nire galdera sinplea da: enpresak aukerak aldez aurretik mugatzen baditu, nork aukeratzen du benetan zestoa?

Gainera, nire kontratuan ez dago klausularik esaten duenik zestoa derrigorrez enpresari erosi behar zaiola. Zestoa pilotariok ordaintzen dugu, 300etik hasi eta 600 eurotara iritsi daiteke prezioa, trukean pilotariak itzultzen duen zestoaren egoeraren arabera.

Zesto polemikoaren kasuan, aurten enpresak zestogileari baimena eman zion edozein pilotariri zestoak saltzeko, bai gure enpresakoei, bai Nafarroakoei. Txapelketaren erdia zesto horrekin jokatu nuen eta, finalera iritsi nintzenean, kasualitatez, arau berri bat atera zuten zesto horrekin jokatzeko aukera kentzeko.

Finala jokatzera atera aurretik, J.M. Barrenetxea jabeak eta Xabier González gerenteak aldageletan geldiarazi ninduten, finala zein zestorekin jokatu behar nuen kontrolatzeko. Nik hori intimidazio saiakera bezala bizi izan nuen, baina ez zuten lortu. Oriamendiren zesto batekin jokatu nuen eta, hala ere, finala irabazi egin nuen.

 

5. Set-a "botatzea" leporatzeari buruz

Kirol profesionalean estrategia desberdinak daude. Galdetu tenislariei! Set bat ia galduta duzunean, hurrengoari begira alferrikako desgaste fisikoa saihestea estrategia bat izan daiteke. Beste kiroletan ere erabiltzen da eta, nire kasuan, azkenean estrategia horrek funtzionatu zuen, partida irabaztea lortu baikenuen.

Esaldia finalaurreko batean esan nuen eta nire botileroari zuzenduta zegoen. Denok jokatzen dugu mikrofonoekin eta badakigu horrek nolabaiteko intimitate-galera dakarrela, baina horrek ez du esan nahi tentsio une batean esandako edozein komentario gure konpromisoa zalantzan jartzeko erabili behar denik.

Are gutxiago garrantzi handiko finalaurreko batean. Inork ez dit azaldu behar partidua %100ean irabazteko helburua genuela. Nire ibilbideak nahikoa erakusten du erremontearekiko dudan konpromisoa.

 

6. Banakako Txapelketan hirugarren geratzeari buruz

Oriamendik dio hirugarren geratzeak, kontratuaren arabera, ez duela Banakakoa jokatzeko eskubidea bermatzen. Baliteke hori kontratuaren ikuspegitik egia izatea, baina urteetan enpresak berak azaldu du aurreko txapelketetako emaitzak kontuan hartzen direla Banakakoan parte-hartzaileak erabakitzeko. Iaz, lesio eta guzti, hirugarren geratu nintzen, baina ez naute sartu. Nire atzetik geratutakoak jokatzen ari dira...

Erremontean hasi nintzenean, irizpide hori bazegoen jada. Horregatik, kontraesankorra iruditzen zait orain beste argudio bat erabiltzea.

Gainera, esan zidaten ez nengoela zigortuta. Zigortuta ez banengoen, zergatik ezin izan dut jokatu? Eta arrazoia beste bat bazen, zergatik ez zidaten argi azaldu?

Nire ustez, ez zuten espero nire jarrera publikoki defendatzera ausartuko nintzenik. Ez daude ohituta inork kontra egitera, langile otzanak nahi dituzte. Baina nik kontra egin diet. Eta orain, nire argudioei erantzun beharrean, WhatsAppeko elkarrizketa pribatuak erabiltzen ari dira nire irudia zikintzen saiatzeko.

Bada beste gai garrantzitsu bat ere: gure kontratuek pilotariok jaso behar dugun akta edo diziplina-araudi bat dagoela ezartzen dute. Inoiz ez digute eman. Ez zait bidezkoa iruditzen gero inoiz eman ez dizkiguten arauak erabiltzea pilotari baten kirol-ibilbidean eragina duten erabakiak justifikatzeko.

Nik ez dut pribilegiorik aldarrikatzen, askoz ere sinpleagoa da: irizpide argiak izatea, denok ezagutzea eta guztiei modu berean ezartzea.

 

Hausnarketa:

Garesti ordaindu dut nire jarrera. Buruz buruko txapelketatik kanpo utzi naute, binakakoa ere ez dut jokatuko. Galarreta, ordaintzen lagundu nuen pilotalekua, ez dut gehiago zapalduko. Erremontea nire bizia da, ordea. 2027an zer egoera izango dugun ez dakigu, baina nik argi daukat ipar-orratza non jarrita izan behar dugun: erremontearen etorkizun duinean, pilotarien batasunean, aukera berdintasunean. Kantxa horretatik ez naute kanporatuko. Gainera, bi enpresetako erremontista guztien babesa dut. Gora erremontea!

Imanol Ansa

Erremontista".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!