Hain zuzen, “gizartearen hainbat arlotan, haien helburuak lortzeko erronka pertsonalak eta profesionalak gainditzeko gai izan diren eta etorkizuneko belaunaldientzako eta, oro har, gizartearentzako eredu eta estimulu izan diren emakume bikainenganako aintzatespena” da sariek bultzatzen dutena.
El Diario Vasco egunkaria da sarien antolatzailea, eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Laboral Kutxa bere babesleak. Sariak azaroaren 14an banatu zituzten, DV Gunean.
Txaro Tomasena, kirolari nekaezina
Txaro Tomasena 78 urteko urnietarra, kirolari nekaezina izateagatik bereizi dute. Urrutira gabe, 2023an, Gibraltarreko itsas-zeharkaldia egin zuen, igerian, sei ordu pasatxoan. Era horretan, zeharkaldia osatzea lortu duen kirolaririk edadetuena izan zen.
2024ko martxoan, Munduko Masters Aquatics 2024 txapelketan urrezko domina lortu zuen Dohan (Qatar), 3 km-ko itsas-zeharkaldia eginda, 75-79 urte arteko mailan.
Fanny Alonso, Kotoizko emakumeen oroimenaren berreskuratzailea
Fanny Alonso moda diseinatzailea Gipuzkoako kotoi-industrian lan egin zuten emakumeen lana omentzeko "Kotoizko emakumeak" proiektuaren bultzatzailea izan da azken urtetan. Zehazki, hiru herrietan garatu zuen kotoi-enpresetako emakume langileen memoriaren berreskurapena: Andoainen 2021eko martxoan, Bergaran 2021eko ekainean eta Amasa-Villabonan 2023ko abenduan.
Omenaldi-ekitaldiak, elkarrizketak, erakusketak eta argitalpenak sustatu zituen urte horietan Alonsok, besteak beste, eta horretarako, kultur adierazpide desberdinetako sortzaileez osatutako lan-taldea erakarri zuen egitasmora. Hona zeintzuk: Begoña Cabaleiro eta Leire Bein idazleak, Dabid Argindar (argazkilaria), Maialen Porroy (ilustratzailea), Nerea Tuduri (olerkaria), Anne Galarraga (komunikazioa eta diseinu grafikoa), eta, Nerea Bengoetxea (musikaria).
Roman, Alegre eta Bejaran, beste hiru sarituak
Fatima Roman, Ana Alegre eta Leire Bejaran izan ziren beste hiru sarituak, joan den azaroan 14an egindako Apartak sarien ekitaldian.
Fatima Roman hernaniarra erizaina da Beran adinekoen etxe batean; joan den ekainean, Las Palmas eta Hondarribia arteko hegaldian, hilabeteko haurtxo baten bizitza salbatu zuen.
Ana Alegre, Ibai semeari laguntzen dion ama nekaezina da. Semeak, Perthes izeneko aldakaren gaixotasuna dauka; izterrezurraren buruaren ahultasun progresiboa eragiten dio gaixotasun horrek, eta haren deformazio iraunkorra eragin diezaioke. Ana Alegre haur horiek babesten dituen ASFAPE elkartean aritzen da boluntario gisa.
Azkenik, Leire Bejarano, ikerketa sanitarioa bultatzen duen Biogipuzkoa zentroko ikertzailea da. Osagai baskularrek garuneko metastasiaren garapen goiztiar eta aurreratuan duten papera modu berritzaile batean aztertzen du.
