Berdintasun sailak herriko emakumeen esku utzi nahi du eguneko ekitaldi nagusiaren sormen lana. Horretarako bilera deitu dute, datorren irailaren 17rako. Urigainen izango da, arratsaldeko 18:00tan hasita.
Larraulgo kultur ikastaroetan izena emateko epea zabalik, irailaren 14tik 25era. Matrikila egiteko orroa udaletxean eskura daiteke. Informazio gehiago: 634 289 327. Ikastaroak: Esku pilota; euskal dantza; gorputz adierazpena, antzerkia eta zirkua; zumba. Tailerrak: mindfullnes hastapen tailerra, hitano ikastaroa, mendiko bizikleta ikastaroa, irristaketa ikastaroa, eskulan tailerrak.
Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarra gogoan, bertso-paper lehiaketa antolatu ohi du Hernandorena Kultur Elkarteak, Harituz Bertsozaleen Elkargunearekin lankidetzan. Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa, eta dagoeneko zabalik dago bertsoak bidaltzeko aukera. Urriaren 11n amaituko da horretarako epea.
Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea hasi da 2020-2021 ikasturteko bertso eskola taldeak osatu eta ordutegiak antolatzen. Irailaren 25era arte zabalik egongo da izen-emate epea. Deialdia 10 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoei bideratuta dago bereziki, baina bertsolaritzarekiko interesa duten beste adinetako ikasleak ere gonbidatuta daudela jakinarazi dute antolatzaileek.
Loatzo musika eskolak bi ikastaro eskainiko ditu urritik aurrera: txalaparta jotzen ikastekoa batetik, eta panderoa astintzen trebatzekoa bestetik.